XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

9. Modari nork jarraitzen dio?

Pertsona batzuk ahulagoak dira eskuarki moden aurrean, berehala bereganatzen dituzte, agian formazio gutxiagoko jendea al da?, oraindik egin gabeko eta segurtasun urriko gazteak al dira?

Hauxe litzateke behar bada aztertu beharreko punturik nagusiena, zeren nire iritzian publizitateak bereziki gazteengan izaten duenez eragin handiena zerikusia izan dezake anorexiaren sorkuntzan, ez noski berak bakarrik anorexikodunak sortzen dituelako, baizik eta berezko joera daukaten gazteei halako kalaka ematen die, azkenean dietaren bati amore ematera ailegatzen direla.

Oro har, denok gara, nola edo hala, modaren jarraitzaile, baina denok ez gatzaizkio modari lotzen ustezko modernitate horren gailurrean egon nahi dugulako, ezpere gutaz inor ohartu gabe lasai ibiltzeko gogoa dugulako.

Itxura ederra izango genuke, esaterako, kalean joan den mendean bezala jantzita ibiliko bagina, baina hortik udaberri-udako moda dela eta, denok berdin-berdin urdinez jantzita ibiltzera bada tartea.

Argaltasunaren moda ongi errotua dagoela dirudi mende honetan zehar, gainera iraganean, adibidez 20 eta 30eko hamarkadetan egun baino radikalagoa zen, Cocó Chanelen eragin sutsua zela medio; horrela froga dezakegu Greta Garboren filmeetan edo orainagoko Twilly modeloarekin.

Garai hartako komunikabideek eraginik ba al zuten?

Eragin nabarmenena bigarren munduko gerrarena izan omen zen.

Hogeiko hamarkadan emakumeak bere independentzia finkatu zuen, agian aurreko urteetan gogortu ondotik horretarako prestatua zegoelako.

Garçon erako moda nagusitu zen, ilea motxa, gona ere berdin, emakumeak behin-betikoz gerrontzea eta janzki oztopagarriak baztertu eta erosoago mugitzeko bidea jorratzen hasi zen.

Cocó Chanel bultzada horren alde jarri omen zen eta bere sormen lanari ekin zion, perfumeak, moda...

Pasadizu batek haren nortasuna azaltzen du ongi:

une hartan, 1918-20, Paul Poiret modistorik ospetsuena bide zen, artista handia hura ere hainbat arlotan, eta behin batean Cocó eta Paul elkarrekin suertatu zirelarik, galdetu zion, adarra jotzeagatik nonbait (Cocó Chanel kolore beltzaren zalea omen eta halaxe omen zihoan jantzita) zer, andereño! lutoz al zaude? bai, Poiret jauna, zeugatik.

Norberaren nortasuna finkatzeko gogoa zegoen nonnahi orduan, eta zentzu horretan aski nabaria zen emakumeen kezka eremu guztietan parte hartzeko.

Orduantxe jarri ziren modan gorputz hezurtsu eta forma gutxikoak, egungoak baino argalagoak oraindik, izan ere ez baitziren ez aldakarik, ez bularrik, ez inolako irtenunerik somatzen, sexu definiziorik eza, unisex.